EBETE TALDEAREN HITZALDIA GURASOENTZAT

BOLEIBOL TALDEA TXINGUDIN

Ez dugu egunero berri onak emateko eta hartzeko beta izaten. Gaurkoan halaxe gatoz ordea. Iaz, pandemia betean, neska talde batek TXINGUDIN BOLEIBOL TALDE bat sortzeko iniziatiba izan zuen. Institutoak, eskaera jaso, bideratu eta forma eman ondoren, emaitza asteazken, ostiral eta larunbatetan ikus daiteke! Astean bi bider entrenatu eta larunbatetan Nesken kategoria berezian leihatzen duen talde motibatu bat. 

 

Erraza da ohikoak ohikoa egiten jartzea. Ohiko talde-kirolek bidea egina dute. Federazioek eta elkarteek eskaintza zabala dute horietarako, eta baliabiderik ez zaie falta. Nekezagoa izan da ordea, ezohiko kirol bat, kasu honetan boleibola, eta ohiko elkarteetatik at zegoen neska-mutil talde bat entrenatzaile, material eta beharrezko instalazioez hornitzea. Baina egin dugu! Boleiboleko Federazioaren laguntza eskertzekoa izan da, Irungo Udaleko Kirol Teknikariarena ere bai. Eta nola ez, ezinbestekoa izan zaigu Guraso Elkartearen inplikazioa. Lerro hauetatik denak eskertu nahiko genituzke.

 

Kirol emaitzak kirol emaitza, guk kirola euskaraz eta gure baloreei lotuta egiteko aukera sortu izana ospatuko dugu. Gure talde honek biziko dituen emozio eta esperientziei erreparatuko diegu. Eskola kirolak LH-tik DBH-ra duen beheranzko tendentzia iraultzeko erronkari eutsiz, iniziatiba eta gogoa dagoen lekuan elkar topatuko dugula aldarrikatuko dugu eta nola ez, taldea jokatzen ikustera edo eta bertan parte hartzera animatzen zaituztegu. Etor bedi kirola gozamenetik sustatuko den aro berri bat, eta etor bitez  erronka berriak!

 

 

TXINGUDI SASOI BETEAN!

4. DBHn Gorputz heziketako irakasgaian gure egoera fisikoa nola dagoen eta nola hobetu dezakegun ikasten ari gara. Entrenamenduaren printzipioak kontuan hartuz, elkarri entrenamenduak diseinatu eta planifikazio bat egin diogu. Sasoi fisikoa hobetzen hastean etxea motz geratzen den modu berean, ikastetxearekin beste hainbeste gertatu zaigu. Arazorik ez! Herria da ikastetxea Txinguditarrontzat eta guk DENONTZAT gimnasiora jo dugu. OCR (Obstacle Course Racing) eta entrenamendu funtzionalean espezializatutako lantaldea eta ingurunea topatu dugu bertan.Hainbat erronka fisiko jarri dizkigute oztopo moduan eta gure onen-onena ematera behartu. Sasoi betean gara laster martxa honetan!

 

 

FICAB

BIDASOAKO NAZIOARTEKO ZINEMALDI ARKEOLOGIKOA

FICAB ZINEMALDIAK BERE 21. EDIZIOAREN DEIALDIA irekitzearekin batera, Txingudi BHIko latina  ikasleak AMAIA KZra gerturatu ziren  "Lebrijako Cerro del Castillo" eta "Pestilentia" (Zuzendaria: Alicia Satué) pelikulak ikustera. Latinez eta grekera klasikoaz egina dago Pestilentia filma eta Elgoibarko Institutuko Batxilergoko 1. mailako Latina irakasgaiko ikasleek eta haien irakasleak egin zuten 2020-2021 ikasturtean. 

ZAPOREAK ELKARTEAK NEGUKO OINETAKOEN BILKETA ANTOLATU DU HEGO EUSKAL HERRIKO LURRALDE GUZTIETAN

Azaroaren 15etik 19ra, institutuan NEGUKO OINETAKOAK BILTZEKO KANPAINA bat jarriko dugu martxan, ZAPOREAK elkarteari eta, aldi berean, Lesbosen (Grezia) dauden errefuxiatuei gure babesa adierazteko. Neguko mota guztietako oinetakoak ekartzera gonbidatzen zaituztegu: botak, zapatilak eta neguko eta takoirik gabeko zapatak.


Garrantzitsua: oinetakoak egoera onean eta erosoak izan behar dute. Esteka honetan uzten dizuegu kanpaina honi buruzko informazioa:


https://www.zaporeak.eus/eu/jaso-de-calzado /


Ea denon artean negua goxatzen diegun.

Irunen, 2021eko azaroaren 16an

 

IRUNGO UDAL LIBURUTEGIA

Urrian eta irailean zehar, Txingudi BHIko 1. eta 2. mailako ikasleak, Irungo Udal Liburutegian izan dira. Bertan, tokiak eskaintzen dituen baliabideak zeintzuk diren ezagutu eta mailegutza eskaintzak zeintzuk diren eta nola erabil daitezkeen ikasi dute.

Mila esker astez aste gure ikasleei arreta eskaintzeagatik!

 

 

BASO BIZIAK PLATAFORMA

TXINGUDI BHI-N

Azaroaren 27an, Baso Biziak Plataforma Txingudi BHI ikastetxean izango da. Goizean hitzaldia eta arratsaldeak tailerrak egingo dituzte. 

 

4. MAILAKO IKASLEAK HENDAIAN SURFA EGITEN 

Udazkeneko giroa mendiarekin lotzen duenik badago,

baina Txinguditarrok itsasoari begira jarri gara! 

Olatu gainean hasi dugu ikasturtea!!